XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. Inguruaren ezaguera

1.- SARRERA

Irakaskuntzan aldaketak izaten direnean, edo gure kasu konkretuan erreforma gauzatzen doan neurrian, besteak baino sona gehiago hartu duten zenbait hitz, esamolde edo esaldi agertzen zaizkigu.

Nolabait, orain eta gero, aldaketarekin edo erreformarekin loturik geratuko diren esaldiak.

Gainera, badirudi oraingo erreforma honetan galdegai batzuk izan direla besteak ez bezalako indarra hartu dutenak.

Honako hauek hain zuzen: zer?, nola?, noiz?

Hor ibiliko zaizkigu buruan bueltaka behin eta berriro hainbestetan errepikatu dizkiguten eta ditugun galdera horiek:

Zer da irakatsi behar duguna?

Nola?

Noiz eta nolako denborazkotzearekin?

Zer da ebaluatu behar duguna eta nola egin behar dugu hori?

Badirudi galdera horiei nolabaiteko erantzuna ematea izango dela lanik beharrezko eta premiazkoena.

Eta hala pentsatzen dugunean, ez gaude egiatik urruti, dudarik gabe.

Bide eta galdera horiek argitu nahian doaz honako erreflexioak eta Inguruaren ezaguerari zuzenean lotuak badoaz ere, beste edozein arlotara zabal daitezkeelakoan gaude.

Hirugarren ziklo honetan, Inguruaren ezaguerak ez du aurreko bi zikloetan bezala gaien lotura estua ekarriko, baina berriro ere interesgunearekin zerikusi zuzena izango du.

Garbiago agertuz, eta aurreko zikloetakoa gogoratuz: Haur Hezkuntzan globalizazio maila ia erabatekoa izan zen, Lehen zikloan zentzu horri maila handian eutsi genion proposatutako curriculumean eta Bigarren zikloan ere bide berdinetik jarraitu nahi izan genuen, nahiz eta aurrez jakin globalizazio maila gero eta txikiagoa izango zela eta arlo bakoitzak gero eta autonomia handiagoa hartuko zuela.

Beraz, Hirugarren ziklo honetan zentzu global horren izpirituari eusten badiogu ere, jakin badakigu gero eta maila apalagoan izango dela eta arlo bakoitzak bere autonomia eskatuko duela.

Hori dela eta, ondoren datozen ataletan arlo honi zuzenean lotutako hausnarketak idatziko ditugu, Hirugarren ziklorako proposatzen ditugun curriculumak, eta zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu behar den argitzen saiatuko gara.

Bideari ekiteko eta beste ezertan hasi aurretik, arlo hau, inguruaren ezaguera bera, zer den ikusten saiatuko gara.

1.1.- Inguruaren ezaguera

Inguruaren ezaguera da arlo honi jarritako izena, baina guri benetan interesatzen zaiguna, izen horren azpian dagoena ezagutzea da.

Lehendik bagenituen natur zientziak, geografia, fisika, kimika, historia... eta antzeko izen ederrak.

Zertarako hasi aldaketak egiten?

Egia esan, izena aldatzearekin ez du erreformak ezer lortuko, baldin eta ez bada barneko esanahia eta batez ere ulertzeko era aldatzen...

Alde batetik, kontuan izan beharko dugu Inguruaren ezaguera arloan hor izango ditugula lehen natur arloa eta sozial arloa bezala ezagutzen genituen edukinak.

Esperientzia arloa izenarekin ere ezagutzen genituen batzuetan, ez ahaztu.

Baina, baziren horiez gain beti zintzilika geratzen zaizkigun beste zenbait gauza ere: ekologia, osasuna, bide-hezkuntza...

Guzti horiek ere bere lekutxoa aurkitu behar dute Inguruaren ezaguerarekin bataiatu berri dugun arlo honetan.

Hala ere, eta edukinek izan dezaketen garrantzia baztertu gabe, beste maila batean kokatu beharko genuke erreformarekin etorri beharko lukeen aldaketa, eta aldaketa hori nolakoa izan daitekeen nolabait somatzeko, erreflexio batzuk egin beharko ditugu.

Zer lortu nahi dugu erreformarekin?

Nola aldatuko da hezkuntza?

Zer-nolako pertsona nahi dugu Lehen Hezkuntza amaitu ondoren?

Eta Hirugarren ziklo honetan zer lortu nahi dugu?

Zer nahi dugu zehazki Inguruaren ezaguera honekin?

Nolako etekinak nahi genituzke gure irakaskuntzarekin?